Bazkideen XXXIX. kontzertua

2008 cartel conc socios_thumb
Biotz Alai abesbatzak urtarrilaren 12an Bazkideen Kontzertu tradizionala ospatuko du. Aurtengoa XXXIX. edizioa izango da.
Kontzertu hau 1970eko urtarrilaren 5ean hasi zen ospatzen, Erregeen Kontzertua izenarekin. Halere, abesbatzako bazkideen ohoretan hasi zen egiten laster, eta 1972tik aurrera Bazkideen Kontzertua izena hartu zuen.
Biotz Alai Abesbatzak bere jai-kontzertua ospatzeko gonbidatutako abesbatza izan ohi du ondoan. Aurtengoan Gasteizko Araba abesbatza izango da, ahots grabeen abesbatza. Abesbatza horrekin batera, hain zuzen ere, datorren urtean Biotz Alaik, Easo abesbatzarekin eta Nafarroako Ahotsen abesbatzarekin batera, Juanjo Mena maisuaren zuzendaritzapean eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Cherubiniren re txikiko requiema, ahots grabeetarako, abestuko du, guztira 150 abeslarirekin.
Oraingo honetan, eta kontzertu handi honen aurretik, abesbatza biek euren errepertorioko zenbait pieza abestuko dituzte, eta baterako 5 lanekin bukatuko dute, 80 abeslari baino gehiagok kantatuak. Amaieran Uribe Kostako Txistulari Bandarekin jardungo dute.
Kontzertuaren ostean Igeretxe Hotelean Bazkideen Afaria egingo da. 250 lagun inguru etortzea espero dugu.