Biotz Alai abesbatza Roberto Fernández de Pinedoren liburuaren aurkezpenean

asteazkena, 2009ko maiatzaren 20a
Roberto, pediatra zuhurra
Ez Galak ez Pérez Revertek ez zuten izango honelako aurkezpenik, orain ordu batzuk Bilboko Hikaateneoan Roberto Fernández de Pinedok izan duena bezain jendetsua. Bilboko gauche divinearen egoitza jendez lepo zegoen, denak
2009_presentacionlibro+098+copia
El arte de ser padres sensatos... en la enfermedad liburua bataiatzeko irrikan. Lan honi esker, seguru asko, gure Jaio maiteari eta A Fortiori bere argitaletxeari inbidia itzela hartuko diete Planetaren eta Random House Mondadoriren goi mailako bulegoetan, besteak beste. Nolatan ez genuen geuk aurkitu gizon hau?, pentsatuko dute bere kolkorako argitaletxeetako marrazoek, ileetatik tiraka, liburu hau ez argitaratzeagatik irabazi ez dituzten euroak, dolarrak eta errubloak kalkulatzen dituzten bitartean. Izan ere, ping-pongean maisua dugun pediatra honek gainerako pediatra guztiek idatzi nahi luketen liburua egin du (Itzi, eskerrik asko esaldiagatik). Munduko guraso sentibera guztiok behar genuen liburua dugu hau. Honela hobeto ulertuko dugu zein barregarriak garen behar baino gehiago estutzen garenean, umea hiru gauez eztulka aritu delako edo laugarren egunez kaka egin ez duelako.
Liburuaren helburua, beldurra kentzea eta desdramatizatzea, oso oinarri ona da arrakasta izateko. Baina are garrantzitsuagoak dira Robertok 256 orrialdeetan zehar erabiltzen dituen lengoaia eta tonua. Ezinezkoa da pasarte batzuetan barrez ez lehertzea, betiere dagoeneko bizi izan dugun zerbait irakurtzen ari garelako sentsazioarekin. Nik ez daukat zalantzarik: liburua ondo salduko da, eta berak nahi baldin badu (ni saiatu egingo naiz bederen), Fernández de Pinedo izar mediatikoa izan daiteke, bere lanaz asko dakielako, eta gainera ederki azaltzen duelako, berrogeita hamar gidoilariko lantalde batek egingo lukeena baino hobeto.
2009_presentacionlibro+071+copia

Joan den igandean El arte de ser padres sensatos... en la enfermedad lanaren berri jakin genuen. Robertok irratian eginiko lehenbiziko elkarrizketa izan zen. Urduri zegoen arren eta lotsati samarra den arren, bikain jardun zuen. Berriro diot, MQ-ren unibertsoan gehien atsegin duen asteroidea betetzeko zirikatu beharko dugu gizon hau.
|